Euskal udalekuetan, euskal herriko haur eta gazteei udan euskaraz bizitzeko aukera eskaini nahi diegu. Abaigarko lagunok, indarrez itzuliko gara! SUKALDE eta LITERA berrientzat zure ekarpena ezinbesteko zaigu.
Badira 40 urte Abaigarren, Nafarroako herrixka txiki batean, euskaraz bizitzeko aukera eskaintzen duten udalekuak antolatzen gabiltzala. Euskal Herriko txoko desberdinetatik elkartutako gazte bolondres ugarik hartzen dugu parte, bertako haur guztiei zuzendua dagoen proiektua aurrera ateratzeko lanean. Elkarlanean, gozatuz eta beti ere euskara oinarritzat hartuz, hainbat balore lantzen ditugu txandetan, 15 egun ahaztezinetan.
Azken hiru urteetan etxearen erabilera mugatua egon da, berritze lan potolo batean murgilduta aurkitu gara, eta ondorioz, ezinezkoa izan zaigu bertan udalekuak antolatzea. Zorionez, eraberritze prozesua ondo bidean doa eta egindako esfortzu handiaren ostean etxea badoa berriro forma hartzen, ereindako haziak badoaz loratzen. Aurtengo udan, uztaila eta abuztu bitartean, 240 gazte baino gehiago bertan elkartu eta berriro etxera bueltatu ahal izatea guzti horren emaitza izango delarik. Proiektu izugarri honek, ordea, 250 000 eurotik gorako kostu ekonomiko handia suposatu digu. Mailegu bat eskatu dugun arren, eta esan bezala obra aurrera dihoan arren, txandak behar bezala hasteko, SUKALDE eta LITERA BERRIAK erostea ezinbestekoa zaigu, eta horretarako, gugan sinisten duen jendearen laguntza behar dugu. Zure ekarpenik txikiena ere asko asko da guretzat!
Horregatik sortu nahiko genuke itsulapiko hau, lagunduko diguzu errautsetatik altxatzen?
Abaigarko begirale eta sukaldariak.