Aurreko jaiak egin ezin izanak sortutako zulo ekonomikoari aurre egiteaz gain, Deustu berriz kolorez eta biziz betetzeko diru bilketa jarri dugu martxan.
Denok gara ezinbesteko, zaindu maite duzun hori!
Pandemiaren ondorioz martxoaren erdialdean ezarritako itxialdiak Deustuko jaiak bete-betean hartu zituen. Jaiak bertan behera utzi beharraren albistea jaso genuenerako, txosnak montatuta, txandak banatuta eta herria apaindua zeuden. Kasik txupina eskuan eta zapia lepoan genituen.
Momentu hartako tristura lan bilakatu genuen, eta egun gutxitara, Deustuko Jai Batzordetik Zaintza Sarea abiatu genuen, elkartasuna eta elkarzaintza hedatuz, Koronabirusak areagotzen zuen krisi egoerari era kolektiboan erantzuteko. 150 auzokide inguru elkartu ginen, ez gintezen berriro ere langileak eta auzokideak izan ondorio latzenak ordaintzen genituenak. Hori horrela, behar zutenei erosketak egin edota haur zein umeentzako marrazkiak online plataforman eskuragarri jarri ziren. Halaber, deustuarren berrogeialdia dibertigarriagoa eta atseginagoa egiteraren premiarekin, plataforma digitalean zuzenekoak egin zein bideoak eskegi ziren. Bertan eskaintza kulturala (kontzertuak, bertso saioak,...), kirol saio desberdinak (zumba klaseak, …), sukaldaritza tailerrak zein zientzia esperimentuak zabaldu ziren.
Hilabeteak pasata, birusa hobeto ezagutzen dugu, eta 2021eko martxoan egoera dena dela, Deustuko Jaiak ospatuko ditugu, betiere, osasun neurriak irizpide izanik. Egoerak, baina, urteroko jaien eredua berrasmatzea eskatzen du, eta jai-eredu deszentralizatuago bat antolatu beharko dugu, herritarrak elkartzeko aukerarekin, baina uneoro denok leku berean pilatzera eramango ez gaituena. Deustuko txoko askotan kultur-, aisi- eta kirol-eskaintzak egin nahi ditugu, iskinaz iskina musika, magia, dantzak eta barreak topatuz.
Halaber, Deustuko Jaiez gain, urtean zehar Deustuko herritar orori aisirako eskaintza ematea ezinbestekoa da, gehien bat bizi ditugun momentu latz hauetan. Horretarako, eta martxoan sortutako Zaintza Sarearen helburu eta ekimenarekin ez gelditzeko, ezinbestekoa ikusi dugu diru bilketa hau martxan jartzea. Aurreko jaiak egin ezin izanak sortutako zulo ekonomikoari aurre egiteaz gain, Deustu berriz kolorez eta biziz betetzea dagokigu eta hori guztion artean eraman behar dugu aurrera, bakoitzak ahal duen neurrian bere alea jarriz. Denok gara ezinbesteko!
Zaindu Deustuko Jai Batzordea, zaindu maite duzun hori!
KOSTUEN AURREIKUSPENA
Kontzeptua | Kostua |
Aurreko jaietako zorra | 3 500 € |
Oinarrizko likidezia 2021 |
1 000 € - 5 000 € |
Guneen dibertsifikaziorako saila | 1 000 € - 4 000 € |
Jarduera soziokultural gehigarrietarako saila | 500 € - 2 500 € |
GUZTIRA | 6 000 € - 15 000 € |