Ekiren lagunik onena bortxatua izan da. Inguruko lagunen jarrera ulergaitzek, ordea, Eki egiaren bila murgilduaraziko dute misteriozko websail honetan. Ongi etorri guztiok kolokan jarriko gaituen istoriora.
Beita, hamabost minutuko zortzi ataleko websaila da, eduki osagarriez lagundua argitaratuko dena. Baina, zer da Beita?
Beita, amuan arrainak harrapatzeko jartzen den jakia edo horren itxura duen substantzia da, arrainak amura erakarri eta horri hel diezaion. Amu horri heltzera behartuta sentituko dira koadrila honetako lagunak. Sexualki erasotu du norbaitek Izaro eta bere lagunik onenaren bikotekidea jarri dute ustezko erasotzailearen jomugan, gainontzeko lagunak itzaletan dauden bitartean.
Sexu eraso bat daukagu proiektuaren oinarri eta beraz, feminismoaren ikuspegitik eginiko kritika da. Erasoa lanaren muina izan arren, honek inguruan eta inguruko lagunetan dakarren guztia ere islatu nahi izan dugu. Gainera, gazteon eguneroko bizitzan aurki daitezkeen beste hainbat gatazka ere lantzen ditugu: Heldutasun aurreratua (familien ardurak hartu eta kudeatu behar dituztelarik), drogen salmenta, heriotzaren dolua, sexu harremanetarako gizarte presioa, apustuarekiko menpekotasuna, harreman irekiak...
Beharrezko ikusten genuen euskararen auziari ere gogor eustea. Euskalduna eta gazteontzat bideratua den kalitatezko lan bat aurkitzea, ez baita erraza gure baliabide digitaletan.
Gazteei bideratutako edukia izanik, lehentasun handia emango diegu sare sozialei eta horietan jarraipen aktiboa izango du web-sailak.
Gure proiektua berezia eta bakarra dela esango genuke, sexu eraso baten aurrean, ingurukoek bereganatzen dituzten jarrerak azaleratzen baititugu, askotan lantzen ez den ikuspuntua. Ezagutzen eta guk geuk bizitzen ditugun arazo, pentsaera, gatazka zein harremanak lantzen ditugu eta, garrantzitsua iruditzen zaigu gai guzti horiek ere gazteok jorratuak izatea. Badugu eta zer esana.
Proiektu hau Oihaneder Euskararen Etxeak eta Gauekoakek elkarlanean antolatutako BATERA. Kultur proiektuak elkarrekin deialdian izan zen hautatua.